AZALPENA

Azken urte hauetan, hamarnaka elkarrizketa egin dizkiegu Ordiziako mendizale belaunaldi ezberdineei. Gerra ostetik, gaur eguneraino; Aralarko txoko kuttunetatik, Himalaiako gailur gorenetaraino; mendi txango ezberdineetatik, maila goreneko eskaladetaraino… hamaika kontu eta hamaika istorio.

Aitzakia bat behar genuen, Ordiziak historian zehar mendizaletasunarekin izan duen lotura hestua bildu eta Ordiziarrei helarazteko eta gaur egungo Ordiziako mendizale taldearen 75. urteurrenarekin ekin genion lan bilduma oparo hau osatzeari. Trabak ere izan ditugu harrez geroztik, COVID-a besteak beste baina etenaldiaren ondoren belaunaldiz belaunaldi hainbat elkarrizketetan jaso dugu mendizale askoren testigantza. Emaitza oparoa izan dela aurreratu genezake, aberatsa, egindako elkarrizketatu denek jarrera ezin hobea azaldu digutelako. Hogehigarren mendearen erdialdetik aurrera mendizaletasunaren ibilbide ahalik eta osatuena agertzen da elkarrizketetan, halaber esan genezake mendizaletasunaren historia urratu eta gure artetik aldegin duten pertsona pare baten testigantzak jaso ahal izan ditugula.

Ordiziako mendizaletasunak sustrai sakonak ditu Patxi Garmendia (Mendigar) historialariak egiaztatu digun bezala. Elkarteei dagokionez azpimarratzekoa da 1.920an Marista anaien babespean sortutako Santa Ana Kirol Elkartea, beste kirol batzuen artean, mendizaletasuna ere bultzatu zuena. 1.923ko Ekainean, Ordiziako kirol Kluba sortu eta bere baitan hartu zuen Alpinismoa. Santa Ana Kirol Elkarte honen babesean sortu zen “Club Alpino Txapel Haundi”izeneko elkartea. 1926an “El buen Humor Villafrancatarra” izeneko Elkarte Excursionista ere agertzen da dokumentuetan.

1929ko Mundu osoko krisi larriak inguruko enpresetan ondorio larriak izan eta Mendi Federazioa bezala Elkarteek geldialdi azpimarragarria izan zuten eta hori gutxi balitz 1.936an izandako altxamendu militarrak eten luze bat sortu zuen kirol denetan, baita mendizaletasunean ere.

Gerra ostean gizartea poliki poliki hautsartetik abian jarri eta 1.941ean sortu zen “ Villafranca U.C. “ elkartea eta klubaren barruan mendizaletasunak bere atala  zuen. Mendizaletasunak ordea bere entitate propioa nahi eta mendizale talde bat “Montañeros Ordizianos” izeneko taldea sortzen hasten da, aipatzekoa da hasiera hasieratik emakume talde garrantzitsu batek egindako lana.

Honen guztiaren ondorioz mendizaletasunak nabarmen egin zuen gora. Estatutu propiok eratu eta 1.970ean mendizale elkarteak ORDIZIAKO MENDIZALEAK izena hartu eta gaurdaino luzatu ditu bere sustraiak.

Historia hau, Ordiziako Mendizaleak-eko partaide diren Mari Karmen Odriozola eta Juan Mari Garmendiaren zuzendaritzapean egin da.