Pasa den ostegunean  “Aralar, mundua leku den lurra” dokumentala estreinatu genuen Donostiako Principe zine aretoan. Arratsaldeko zapietarako zineko sarrera jendez gainezka zegoen dokumentala ikustera gerturatu zen jendearekin. Aurrez banatutako gonbidapenak behar ziren filma ikusteko, leku faltagatik,  baina gonbidapenik ez zuen jende asko ere gerturatu zen  filma ikusi nahian. Nahasmen pixka bat sortu zen momenturen batean baina azkenean gerturatutako guztiek sartu ahal izan zuten.

19:15etan ateak zabaldu eta pixkana aretoa betetzen hasi zen, Mendi Urruzonok argazkiak ateratzen zituen bitartean (argazki galeria berak ateratako argazkiekin egin dugu). Bertan zeuden dokumentalean parte hartu duten asko, Aranzadiko lagunak, EHUkoak, Felix Ugarte espeologi taldekoak, Iñaki Aizpuru, Aitziber Sarobe, Gaizka Aranguren, …. Baita arlo teknikoan aritutakoak ere, Olaia Sanchez, Gorka Irizar, Victor Sanchez, Anouar Benabet, Ainara Lasa, ….  Babesleen artean Berriako lagunak, Kutxa Ekoguneko ordezkariak,  laguntzaile lanetan aritutakoak eta gonbidatutako beste asko ere bai.

19:30ak pasata ziren Pello Ramirezek emanaldiari hasiera eman zionean. Txeloarekin dokumentaleko pieza bat jotzen hasi zen eta oholtza gainera Lorien Lopez de San Roman (dokumentaleko protagonistetako bat) dantzaria igo eta gure gozamenerako, emanadirako prestatuta zuen dantza batekin osatu zuen ikuskizuna; Pello eta Lorien biak batean; musika eta dantza.

Lorien dantzarekin amaitzear zela, Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre oholtzara igo eta poema bat errezitatu zuten Pelloren musikaz lagundurik.

Saroi Jauregik egin zituen aurkezle lanak, bera izan zen ikusleak adi jarri zituena filma hastera zijoala esanez.

Ordu eta hogei minuturen ondoren batek baino gehiagok hunkituta bukatu zuen. Saroi zuzendariak altxatu arazi zituen amaigabea zirudien txalo zaparrada artean. Laurak hunkituta, babesle, laguntzaile eta bertaratu zirenei eskerrak eman ondoren dokumentalaren inguruko bizipen ezberdinak kontatu zituzten eta lanaren grabaketak iraun duen urte eta erdi horretan bakoitzak bizitako sentipenak eta beraiengan geratu den guzti horretaz aritu ziren.

Saroik dokumentalean parte hartutako zenbait adituei hitza eman zien; Arantza Aranburu, Ainara Rodrigez, Jorge Gonzalez eta Iñaki Aizpururi. Hauek ere Aralarrek zein puntutaraino baldintzatu duen euren karrera, edo bizitza, eta maila pertsonalean izan duen eragina azaldu zuten.

Nahiz eta oso gustora egon eta gaiak mahai inguru baterako eman zezakeen, emanaldiaren amaiera iragarri zuen Saroi Jauregik txalo zaparra artean.